Iratiko Oihanak mota anitzetako istorioak gordetzen ditu bere baitan. Batzuetzan elezaharrak, beste batzuentzat benetazkoak, askoren ustez oraindik ere gertatzen dira. Euskal atsotitz batek dioen bezala, izena duen guzia da.

 

 

 

 

 

 


• BASAJAUN ETA BASANDERE
Basoko izakirik ezagunenak dira, Iratiko sei haitzuloetan bizi baitira. Hauen artean Orhi mendikoa da aipagarriena, Sanjuan egunean kea botatzen duen tximinia duelarik.
Kristautasuna jentil fedegabe hauen kontra borrokatu zen, borobil magiko batean hertsiz, Salbatoreko ermita, Otsagabiko Muskilda eta Orreaga artean.Hala ere, hortik ateratzea lortu omen zuten, Luzaideko apaiza izutuz.
Iletsuak, altuak eta hanka borobildunak omen dira. Basanderea oso ederra da eta gehienetan biluzik edo oso dotore jantzita ibiltzen da. Lamiek bezala, haiek ere ez dituzte ardi zuriak gustuko; ardi beltzez osaturiko artaldea dute. Alde batetik bestera eramateko, Basajaunek aharia hartzen du bere gainean, artaldea haren atzetik doalarik. Otsoak ere, Basajaun gertu somatzen dutenenan ez dira batere hurbiltzen; artzainak lasai geratzen dira.


• EILALAMIAK
Eilalamiak, edo, oro har, lamiak, uhandre bihurriak dira. Ile luzea eta ahate oina izaten dute. Haitzuloetan bizi dira, eta urrezko orraziaz gain, artzainak erakartzeko erabiltzen dituzten altxor ederrak dauzkate. Jendea beldurtu eta gauez etxeetan sartzen omen dira, tximinietatik beiti. Hau dela-eta, zigortuak izan dira, Luzaiden bezala, non Laminen xamindeia izeneko haitzuloan 200 urtez bizitzera behartuak izan ziren. Zubiak zein trikuharri ederrak eraiki dituzte, Ligin eta Mendiben, hurrenez hurren.
Aezkoan ere arras ezagunak egin dira, ikasle eder ilegorri zein gauez ateratzen ziren neskato irugileen atzetik ibiliz. Baten bat sekula ez omen zen berriz ere itzuli. Abaurrepean traba anitz sortu zuten, eta Santa Engraziako ermitako mojak kanporatzea lortu zuten.




• UNAIA
Iratik eman duen pertsonaiarik bereziena hartz-gizon bat izan zen. Kondairaren arabera, Mendibeko neska gazte bat Otsagabiarako bidean zihoan, Irati gurutzatzen zuelarik hartz batek hartua izan zenean. Hartzak bere leizean izan zuen, eta haien arteko harremanaz ume bat sortu omen zen. Sei urte beteta ama eta semeak ihes egitea lortu zuten, herrira itzuliz. Hasieran jendeari zein aziendari kosta egiten omen zitzaion mutil honen itxura itsusiaren aurrean ohitzea, baina azkenean onartua izan zen. Oso indartsua zen, eta inguruko unairik edo behi-zaindaririk hoberena bihurtu omen zen.

 


 

• BESTE IZAKI BATZUK
Zazpi buruko sugea, desagerturiko izakia dugu, Xiximurruko haitzulora hurbiltzen ziren neskatoak harrapatzen zituena.
Gauza bera egiten omen du Gauekok.
Badira ere bestelako izakiak Iratin, baina ohikoagoa izaten da herrietan aurkitzea.
Mamuek ametsgaiztoak sorrarazten dituzte, bere biktimak ito ditzaketeelarik. Hala ere, isileku otoitz batekin uxatzen ahal dira.

Azantziliek zarata sortzen dute gauez, eta ez dago oso argi iratxoak edo arima galduak ote diren. Hau saihesteko, inor hiltzen delarik etxeko teila bat mugitzen da, bere izpiritua atera dadin.
Bokatalatsariak, iratxo finak dira, gauez arropak garbitzen dituztenak.



 
Basajaun eta Basandere
Eilalamiak
Unaia
Beste izaki batzuk