1. Urrobi Industrialdea
2. "El Irati"
3. Almadiak
 
1. Urrobi industrialdea

Aezkoa Ibarrean dagoen industria oso eskasa da, eta dagoena Urrobi industrialdean dago. Aezkoa Ibarreko Batzarra, Erroibarekin batera, duela gutxi sortu zuen industrialde hori sektorearen gune estrategiko gisa.

Hala ere, historikoki, egon izan dira bestelako industria batzuk:

2. "El Irati"

Enpresa handi horrek lau atal zituen. Hasiera batean, El Irati, SA izen ofiziala bazuen ere, hainbat urte zeramatzan beste izen batzuekin. Itxi, berriz, 1961-62an itxi zuten, elektrizitate-atala FENSAren eskura pasa zenean, eta baso-destilategia El Irati Forestal-era pasa zenean.

  • Elektrizitate-atala.
    Irabazi gehien ematen zuen atala zen. Hasieratik beretik, bazkideen dohaintzaz edo erosiz, Irati ibaiaren ur-jauziak bereganatu zituen: Betolegi, Oroz, Artozki, Agoitz. Usozkoa 1932an inauguratu zuten, eta 1947an Agoizkoari hobekuntzak egin zizkioten, berau baitzen errentagarriena.
  • Baso atala.
    1930
    ean 30 urteko kontratua sinatu zuen Zaraitzurekin bere basoak ustiatzeko. Horretaz gain, Estatuaren enkanteak lortu zituen La Cuestion eta Aezkoako basoak ustiatzeko. Madrilgo eta Valentziako altzari-fabrikei salmenta garrantzitsuak egin zizkieten, alabaina, zuraren kalitatea zela-eta, izandako eskari-gorakada nabarmenari ezin izan zioten aurre egin batez ere komunikazio arazoak tarteko.

    1939an, Zaraitzurekin zuen kontratua bukatuta, ibarrak aipatu kontratua berritzeagatik sobera eskatu zuen. Enpresak, horren ondorioz, beste bide batzuk jorratu zituen, batez ere Estatuaren (La Cuestion eta Aezkoa) eta herri-basoen enkanteak: Aezkoa, Artze, Erronkari, Auritz... eta Erronkari, zeinak Izaban zerrategi bat jartzearen truke elektrizitatea eta lanpostuak lortzeko onura handiko kontratua erdietsi baitzuen. Ordurako bi ziren Erronkarin eraikitako zerrategiak: Ariben lehena, eta Agoitzen bigarrena eta handiena.

    Almadietarako ur-kopurua eta elektrizitaterako ur-jauziak kontrolatzeko, Irabiako urtegia eraiki zuten, 12 m. altuerako presa zuena. 1928an 27 m-ko altuera eman zioten, 1934ean 34 m-koa, eta 1943an gaur egun duen 40 m-ko altuera.

  • Iratiko trena.

    1911
    eta 1955 urteen bitartean aritu zen martxan. Europako lehenengo tren elektrikoetako bat izan zen. Oso denbora gutxian egin zuten trena, eta inguruetako garraiorako iraultza izan zen. Hasiera batean El Irati enpresaren egurra Ekai-Agoiztik Iruñera eramateko erabili zen, baina, luze gabe, trenbidea Irunberrira eta Zangozara luzatzea erabaki zen. Jakaraino luzatzeko gestioak ere egin ziren, baina proiektuak ez zuen aitzinat egin. Hainbat eta hainbat salgaiz gain, urteko milioi laurden bat lagun garraiatzera iritsi zen.

    Errepidez egindako garraioaren garapen azkarrak trena bertan behera utzi beharra ekarri zuen. Iruñean hiri-tranbia gisa erabiltzen zen. Eguesibarrean barna Billabetaraino iristen zen, eta bertatik, trenbidearen adar batetik Ezkaiko zerrategiraino eta destilategiraino, eta Agoitzeraino iristen zen. Longida eta Urraulbeiti ibar osoa zeharkatuta, Irunberrira iristen zen, eta bertan, bi tunel ikusgarriren barnetik Irunberriko Arroilatik pasatzen zen eta amaierara iristen zen, Zangozara, hain zuzen ere.

    El Irati, SA Nafarroako industrializazio prozesuko enpresarik garrantzitsuenetako bat, eta alderdi anitzetan aitzindaria izan zen. Enpresak zuen tren elektrikoa maiz agertzen zen egunkarietako berrietan, baita entziklopediatan ere.

  • Destilategiak

    1909an baso-hondakinak baliatu beharra zegoela ikusi zen. Jarduera horren inguruan dauden aurrerapenak ikusteko Alemaniara egindako bidaia baten ondorioz, 1910ean Ekaiko egur lehorreko destilategia eraikitzea erabaki zuten. Gerra ondoren beste bi destilategi eraiki zituzten: Santanderren bat, eta Erronkarin bestea.
3. Almadiak

Aezkoako almadizainak izan omen ziren almadiak egurra garraiatzen erabili zituzten azkenak, Pirinioetako ibarretan.

XVIII. mendearen bukaera aldera arte ez ziren Aezkoako eta Zaraitzuko almadiak maiztasun batez jaitsi Iratin behera.

Hala ere, data hori baino lehen –1389-, Tuterako gazteluan egin behar zituzten hainbat lan zirela-eta, hamalau langile kontratatu zituzten Aezkoara joan eta almadiak egiteko enborrak aukeratu eta almadiak egin zitzaten.

XVIII. mendeko beste berri batzuek bidaiak zituen zailtasunen berri ematen digute. Ur eskasiaren ondorioz, almadiek hondoa jotzen zuten noiznahi, eta, horretaz gain, ibaiertzeko herriek almadizainei “paso-eskubidea” kobratu nahi izaten zieten. Horrek –Aezkoan ez ezik eta Pirinioetako auzo-ibarretan ere gertatzen zena- erronkariarrak neurri horren aurkako auzia jartzera bultzatu zituen.

Irati ibaiak XX. mendearen hasieran izan zuen bere goieneko unea: Domingo Elizondok, eta haren El Irati, S.A. enpresak, egurra Aezkoako basoetatik, ibaian behera, Ekaiko zerrategiraino eramateko erabili zuten.

XX. mendearen hasieran, El Irati, S.A. enpresak Ameriketatik ekarri zuen enborrak ibaian behera laxo jaisteko teknika, errekatzaile batek bideratzen zituela; aipatu teknika almadiaren aldean azkarragoa zen, baita arriskutsuagoa ere.

Orbaizetan, ibaian, almadiak jaisteko erabili izan zen esklusa bat dago.

Industria Urrobi industrialdean dago, nagusiki. Berriki sortua, industrialde horrek sektorearen eragile izan nahi du.