Aezkoa Ibarraren bihotz-bihotzean dago, Orbaizetatik oso hurbil. Iratiren goi-ibarrean kokatuta, leku paregabea da paisaia zoragarriaz gozatzeko.
 
Rotxapea auzoko antzinako zubitik Irati ibaia zeharkatuta, eta garai bateko Irati Campingarekin lotzen duen pista utzita, ezkerraldean dagoen goranzko pista bat hartuko dugu, eta luze gabe pagadian sartuko gara. Bertatik ezin hobeto ikuskatu ahal izanen ditugu Orbara eta Orbaitzeta.
0:45
Muinoa. Hiriberritik hurbil, lau pisten bidegurutzea; 10 minutu eskas behar dira bertara iristeko. Ezkerraldetik eginen dugu aitzinat hurrengo bidegurutzeraino; han, ezkerraldeko pistan barrena biratuz, Berrendi mendi-hegala igoko dugu eremu zabalean barrena. 7 minuturen buruan, iturri eta aska batetik hurbil eta bideko parrilla bat igarota, ibilbidea berriro ere pagadian sartzen da.
1:15
Zelaneko muinoa, 1.170 m. Hedadura handikoa eta belartsua da. Eskuinetara Berrendiko basoak ditugu, eta, behealdean, Berrendipeako sakanean Berrendiko bordak. Pista utzi eta ezkerraldera hartu behar da, eta, belardi eta pagoen artean, bide eta pisten barna jarraituko dugu.
1:45
Ugaibel, 1.243 m. Biribildua eta belartsua, gailurrean tumulu bat dago. Iratiko goi-arroaren ikuspegi zabala dago bertatik, eta guztien gainetik Oriren gailur ederra. Atzealdeko isurialdean, Latxaga mendigunea dugu, atzealdean Garabizkai mendiak nagusitzen zaizkiola. Kontrako isurialdetik jaitsi basoaren mugaz muga zuhaitzak dituen mendi-leporaino. Inguruz inguru eta alanbre-hesia gaindituta, iparraldeko aurre-gailurrera iritsiko gara.
2:05 Harri Eder Gaina, 1.175 m. Zabala eta irekia. Erlaitz arrokatsutik Orbaizeta ikus daiteke han behe-behean. Bazterrez bazter joanen gara, eta pagadi eta belardietan barna jaitsiera labur bat eginda, “El Palomar” ehiza-aterpera iritsiko gara 15 minututan. Gune horretatik bi pista abiatzen dira; guk eskuinekoa hartuko dugu. Mendiaren hegal belartsuen saihetsetik hartuta, baso artean ibarraren behealdera iritsiko gara, eta hortik Orbaitzetaren sarreran dagoen zubira.
2:45 Orbaizeta