Erratzu mendia, La Corona izenaz ere ezaguna, Osako mendilerrotik hasita Irati eta Urrobi ibaien arroak banantzen dituen mendilerroaren kotarik altuena da. Artze, Orotz-Betelu eta Garralda tartean dago.
Ibilbidea iparra aldetik doa, baso zabalez inguraturik.
 
Abiapuntua Garralda izanen da, harategiaren inguruan. Bideko parrilla igarota, antzinako bide/pista batek zuhaitzez jositako mendira eramanen gaitu. Paisaian, nonahi, pagoak, haritzak, hurritzak, eta tartean pinuak eta izaiak, baita gorosti ugari ere. Hainbat belardi eskuinetara utzita, 15 minutu igarota, malda areagotu egiten da.
0:30
Zuhaitzik gabeko irtengune bat atzean utzita, bide lauak izaidi baten ondotik egiten du aitzinat; ezkerraldean Iratiko arroaren gaineko Arrerrekako sakana ezkerretara duela, altuerari eusten dio. Bi ordoki txiki gurutzatzen dira, eta gune horretan,.aurrez aurre, Erratzuren gailur-masa ikusiko dugu.
1:00
Bigarren ordokian, utzi bide bana alde banatan. Segi aitzinat mendian gora. Inguru horretan ugariak dira ikaztobiak. Bidea, berriz, gero eta zehaztugabeagoa da. Alanbre-hesi batera iritsita, segi haren albotik tupustean norabidez aldatzen duen guneraino; bertan lau aurpegiko harkaitza dago, eta aurpegiek gurutze bana dute. Ezkerretara dagoen zuhaitz batek hesia gainditzen lagunduko digu. Hurbil dago baso-muga. Txilardia zeharkatuta, hurbilean dugun gailurrera iritsiko gara.
1:30
Erratzu, 1.387 m. Gailurra oso zabala eta belartsua da; bertan, bi urmael eta aterpe baten hondakinak daude. Tontorrean bost maila eta balkoia dituen dorretxoa dago, gailur geodesikoa duena. Bertatik hurbil dauden pagadiek bista mugatzen dute hein batean. Nagusiki, Ibañeta, Irati eta Pirinioak ikusiko ditugu. Hurbil ditugu Pausaran eta Elkeren gailur lerdenak.
2:30 Behera eginen dugu abiapunturaino, Garraldaraino, hain zuzen ere.